XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haien aurpegi asaldatuak eta beso dardaratiak ikusi nituen!...

Laborriak zoraturik, lasterrari eman eta herrirantz joan nintzen aldarrika: Lagundu! Lagundu! Sua! Sua!

Ordurako gizon batzuk bazetozen etxe aldera eta haiekin itzuli nintzen, zer gertatzen ari zen ikusteagatik!

Etxea heriotzazko su handi bat besterik ez zen orain, su ikaragarri bat inguruko lurralde guztia argitzen zuena, hainbat kristau erretzen ari ziren eta Hura ere irazekitzen ari zen su handia.

Hura, hura, nik menean hartua, Izaki berria, nagusi berria, Horla!

Bat-batean teilatua plaust erori zen hormen artean eta sugarrezko mendi bat goratu zen ortziraino.

Infernu hartara zabaldutako leiho guztietatik sugarrak goratzen ikusi eta pentsatu nuen hura ere hantxe zegoela, su-labe hartan hilik.

Hilik? Agian... Eta haren gorputza? Eta eguargiak zeharkatzen zuen gorputz hura gureak hiltzen dituzten bitartekoek ezin suntsi balezate?

Eta hilik ez bazegoen?... Baliteke denborak bakarrik menderatu ahal izatea izaki ikustezin eta beldurgarri hori.

Zergatik du gorputz garden eta ezagutezin hori, izpirituzko gorputz hori, berak ere jasan behar baldin badu gaitz, zauri, gaixotasun eta garaiz aurreko suntsiketarik?